Asparrena
Asparrena www.asparrena.eus

EGINO

Egino Arabako Lautadako, hots, iparraldetik Altzania eta hegoaldetik Entzia mendikateek haren ekialdeko muturra ixten duten eta Nafarroako Sakanarako pasabidean kokatuta dagoen eskualdeko herrien artean ekialderantz baztertuen dagoena dugu.

Biztanle kopurua: 84 (2014)

HISTORIA

Egino, izenak berak argitzen duen moduan, Altzaniako mendi-lepoan kokatuta egonik, historiaurretik bertatik gizakien eta kulturen barneratzearen lekuko izan da; bere inguruetan aurkitu diren hondar arkeologikoek hala baieztatzen dute. Hondar horien arteko batzuk Egino eta Ilarduia artean dagoen "Jentilen Kobazuloa" deritzon leizean aurkitutako gizaki egonaldien arrastoak dira.

Egino 1092 urtetik aurrera dugu dokumentatuta, berton jasotako abizen toponimiko bati esker. Lau urte beranduago, hain zuzen ere, 1096an, Eguinoa izena agertuko da agiri batean, non Guiderez de Eulate jaunak eta bere emazte Sancha andreak barruti hartan zituzten zenbait lurren dohaintza egin zioten Iratxeko monastegiari.Donemiliagako Reja dokumentuan leku hau ere agertzen da, urteroko aharia ordainduz ondoko Ibarguren eta Andoin herrixkekin batera Entziako mendialdean,eta Ilarduia eta egun desagertuta dagoen Artzanegi herrixkekin batera Altzainako mendialdean. XVI. mendean, hain zuzen ere, 1556an, Eguinoa azaltzen da oraindik, hamar auzokide zirela eta egun desagertuta dagoen San Kristobal baseliza aipatuz.

EKONOMIA

Eginok, historian zehar, hainbat errota izan ditu bere inguruetan.XIX. mendeko erdialdera industria ere bazen Eginon. Inguruetan burdin, berun, almagre eta harrikatz meatzeak zeuden. Errotarri biko irin-errota bat zuen garai hartan baita buztingintza tailerra, latorritegia eta karobia ere eta bere mendietan egurra nahiz egurrikatza esportatzen zirela nabarmena zen.

Herrian hiru karobi izan ziren, baina bakar baten aztarnak gelditzen dira gaur egun.

XX.mendearen erdian, karea modu industrialean egiten hasi zen eta honek karobien desagerpena ekarri zuen.

ARKITEKTURA-ARTEA

Lezeatarren dorrea

Huarte Arakilgo bailaratik Arabako lurretarako sarbidean, Eginoko dorrea eraiki zuen Lezeatarren adar batek, bere jaioterritik hurbil. Urbasa eta Aratz mendilerroek mugatutako lurraldean familia boteretsua osatzen zuten Lezeatarrek kokagune hau hautatu zuten Arabako Lautadatik Nafarroako Erdialdeko lurretarako pasabidean gune aproposa zelako. Dorrea XVII.mendean eraiki egin zen eta , egun, jatorrizko egituratik ia ezer ez da gelditzen. Eraikuntzaren arrastoak besterik ez dira geratzen etxearen mendebaldeko hegalari atxikirik, non desagertutako dorrearen oina nahiz beheko solairuko mendebaldeko eta iparraldeko murruetan zenbait itsu-leiho antzeman daitezken.Eraikinak oinplano kasik karratua zuen, 7,60 metro bidez 7,70 metrokoa. Neurri horiek beheko solairuan ikus daitezke 1,10 metroko lodiera duten eta ukondoak ongi landutako harlanduez indartuta dauden horma sendoak gordetzen baititu oraindik. Jatorrizko eraikuntzan gaur egun desagertuta dagoen arkudun atea zen dorrerako sarbidea, bere alde banatan itsu-leihoak zituena.

Done Eztebe eliza

Pilastretan zurkaizturiko erdi puntuko hiru arkuko arkupea. Erdi puntuko arkuko portada.Nabarmentzekoa da kanoi-gangaz estalitako eliz-buru zuzena, goialdean arkibolta baten hondarrak gordetzen dituen itsu-leihoa azaltzen duena kanpoalderantz. Bolak ditu apaingarri eta, alde bietara, lore bana eta zurtoin sustraitsuak. Habeartea faxa-arkuek eusten dute,izar eta arrosez hornitutako medailoiak dituztenak. Hasierako arkuak, soslai alakatuak dituztenak, apaindu bako erlitzetan sostengatzen dira.Hurrengoak, berriz, zeharo ildaskatuta daudenak, apaindurarik gabeko kapitel lauangeluarrak dituzten zutabe erdietan euskarritzen dira. Zorura iristen ez diren zutabe erdi hauek XVI.mendeko oinetan ezarrita daude. Hasierakoek aingeruburuak dituzte apaingarri eta beste biak birloratutako kiribilak.

Desberdintasun hauek Eginoko elizaren eraikuntzak bizi izandako bi uneen isla besterik ez dira.1649an bisitaldi pastorala burutu zuen apezpikuari eliza edukiera txikikoa iruditu omen zitzaion,ondorioz, “aldare nagusiarentzat nahiz alboentzat zortziren bat ateratzea” agindu zuen. Urte bertsuan Martín de Muguerza harginak karea eta harlandua garraiatu zituen “eliza luzatzeko asmoz”.Datu hauek elizaren aurrekaldea harengandik hain desberdina den atzekaldea baino kasik mende bat beranduagokoa dela pentsarazten digute. 1766an ganga honek hondamena mehatxatzen zuen.Manuel Gualberto de Santa Cruz Zalduondokohargin maisuak hura aztertu eta berriztapena prestatuzuen.

Eliza honek ez du erretaula nagusirik. Duela gutxi arte izan zuenaren arrastoa bertan egindako azken berriztapenean galdu egin zen. Metro bateko garaiera zuen Done Eztebanen irudia gordetzen zuen; metro eta erdiko gurutzatuaren beste batere. Azpialdeko kaleetan erretaulatik bereizitako bost irudi zituen. Erretaula lekutik kentzean, ezkutuko hainbat taila aurkitu ziren. Aipatu erretaulatik XVI.mendeko egungo sagrarioa besterik ez da gelditzen. Pizkunde moldekoa izaki , basamentua eta bi gorputz ditu. 

Sagrario ona dauka, XVI-XVII. mendeetakoa, geometrikoki dekoraturiko bankuarekin eta bi gorputzekin, lehenengoa lau zutabe toskanar eta sogeaturekin eta San Pedroren eta San Pabloren irudi ederrekin alboko nitxoetan, frontoi triangeluarrekin, eta erdiko nitxoa frontoi kurbatuarekin, taulamendu klasizista frontoi kurbatuarekin eta zatitua eta hiru kaleko bigarren gorputza, erdikoa zutabe ildaskatu eta jonikoekin eta Apezpiku santuaren irudiarekin, eta alboetan nitxoak markoekin eta San Estebanen eta beste apezpiku baten irudiekin. Kristo Santua, zauritua, XVII. mendearen hasierakoa.

Ezkerraldeko kapera kañoi-gangak estalia. Sortzez Garbiaren koadroa, XVI-XVII. mendeetakoa.

San Kristobal baselizak XVI. mendeko erretaula gisa marko bat zuen, gaizki margotuta, eta akabera gisa orri-motots handia. San Kristobalen irudi arrunta inguratzen du, erretaularen garai bertsukoa dena. Baseliza honetatik Gereñuk aipatu eta 1962an argitaratu zuen San Joanen erdi aroko irudia desagertu egin da.
Baseliza hau, 1556rako behintzat bazena, XVIII.mendeko bisitaldi pastoraletan behin eta berriro aipatu egin zen.

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

Copyright © 2013 Asparrena. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz