Asparrena
Asparrena www.asparrena.net

Naturaren Interpretazio Zentroa

Araiaren kokapen geografikoak, Burundako pasilotik barrena Nafarroara eta San Adrianetik barrena Gipuzkoara dituen pasabideengatik, eragin handia izan du bertoko bizitzan mendeetan zehar.

Egurretan duen ikaragarrizko aberastasunak, lur azpiko burdin meategiek eta ur-emariek, eragin handia izan zuten Erdi Aroko herrialdeko burdinola ezagunenetariko bat bertan izateko.

Badirudi lehenengo burdinolak mendian bertan sortu zirela, meatzeetatik gertu eta baso zerratuz inguratuta. Ustiapena erraza zen: erretzeko labea eta airea emateko hauspoa baino ez ziren behar. XIII. mendearen bukaeran, gurpil hidraulikoa asmatu zuten, uraren indarrarekin mugitzen zena. Honek hauspo handiagoak erabiltzeko aukera ematen zuen, haizebidearen bidez, eta horrela mea labekada handiagoak egin zitzaketen.

Antzinako garaiak gogoratzeko asmoz eta Ingurumena sustatzeko, Udala hainbat ekintza egiten ari da ingurugiroa errespetatu eta zaindu behar dugula ohartarazteko. Naturak eskaintzen dizkigun baliabideak energia iturri bilakatu daitezke bai guretzat eta baita gure ondorengoentzat ere.

Eman dugun lehen pausua San Pedroko Zentral Hidroelektrikoa martxan jartzea izan da, errekaren iturburuko ur jauzia aprobetxatuz argi indar garbia sortzen baitu sareko hornidurarako.

Era berean, txondor bat egin dugu, garai batekoak bezalakoa, lanbide gogor honetan aritu zirenei omenaldi txiki bat eskaintzeko asmoz.

Gaur egun, Araiak Naturaren Interpretazio Zentroa ere badu.

Zentro honetan, “mitxarro”-ren eskutik inguruko naturak eskaintzen dizkigun baliabideak ezagutu ditzakegu. “Mitxarro”, muxar grisa (Glis glis), da erakusketako protagonista. Animalia polit, atsegin eta bitxi honek hainbat gai azalduko dizkigu: herriko ondareak, energia, pagadi baten ekologia, karsta, hainbat hondakin arkeologiko, arkitektura, hainbat errepide, Araiako fundizioa, gaztagintza, Asparrenan bizi den jendearen usadio eta ohiturak...

Erakusketak hainbat atal izango ditu: maketa, argizko panelak, joko elektronikoak eta multimedia (baso irudikatuak, mitxarroari buruzko bideoak, entzunaldiak...) Bisitariak gure protagonistaren bidez herriaren natura eta kultura ondareak ezagutu ahal izango ditu.

Esperientzia honek gure ingurunerako jakinmina piztuko du eta Ingurumenerako portaera onak bultzatuko ditu. Era berean, naturak eskaintzen dizkigun ondareak gure ondorengoei uzteko beharra ere sustatuko du, hau guztia handiagoa den zerbaiten zati bat besterik ez dela ulertuko dugu eta garapen iraunkorra dela etorkizunerako bide bakarra.

 

TELEFONOA.: 945386964

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

Copyright © 2013 Asparrena. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz